Hasiera / Berriak / FURESA KOOPERATIBAK IURRETAKO INSTALAZIOAK HANDITU ETA JARDUERA BERRANTOLATUKO DU

Berriak

FURESA KOOPERATIBAK IURRETAKO INSTALAZIOAK HANDITU ETA JARDUERA BERRANTOLATUKO DU

2018-05-15

Burdinurtu nodularrezko piezak ekoizten dituen Furesa S. Coop. kooperatiba-sozietateak 4 milioi euroko inbertsioa egingo du egungo instalazioak handitu, “layouta” berrantolatu eta produkzio-baliabide berriak ekartzeko. Industria-proiektua errentagarri egite aldera duela urte batzuk hasitako etengabeko hobekuntza-prozesuarekin aurrera egitea da helburua, arduradunek egunkari honi adierazi diotenez.

Fort Project eta Erabalgarri Gestión enpresek diseinatu dituzte pabiloi berria eta produkzio-sistemaren berrantolaketa. Pabiloi berriak 6.000 metro koadroko azalera izango du, eta Furesaren egungo instalazioen ondoan dagoen 10.000 metro koadroko lursailean eraikiko dute. Enpresaren egungo instalazioek 14.000 metro koadroko azalera dute. Azken administrazio-izapideak burutzeko zain dago proiektua. Beraz, eraikuntza-lanak datorren udaren ostean hasiko direla aurreikusi du kooperatibako zuzendaritzak, eta lantegi berria datorren urteko abenduan izango dela erabat operatiboa.

Halaber, instalazioak handituko direnez, produkzio-ekipamendu berriak ekarriko dituzte. Hain zuzen, Furesak laster erosiko duen moldaketa furanikorako lehenengo lerro semiautomatikoa eta, aurrerago, bigarren bat. Era berean, kooperatibak 25 litroko ar-jaurtigailua ekarriko du, pabiloi berrira eramango duen ar-sailerako. Aldi berean, zuzendaritza biltegi adimenduna erosteko aukera aztertzen ari da, piezetarako dituen 2.000tik gora burdinurtu-eredu bertan gordetzeko, kilo erditik 800 kilora artekoak.

Empresa XXI-Maiatzaren 1a