Hasiera / Berriak / MONDRAGON UNIBERTSITATEAK AFRIKARA ERAMANGO DU EKINTZAILETZA

Berriak

MONDRAGON UNIBERTSITATEAK AFRIKARA ERAMANGO DU EKINTZAILETZA

2018-10-29

Mondragon Unibertsitateak «Africa Basque Challenge» programa jarri du abian Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, Kenyako landa-komunitateen garapena sustatu eta landaren eta hirien arteko desberdintasunak murrizten lagunduko duten ekimen sozioenpresarialak bultzatzeko asmoz. Horretaz gain, eta sustatzaileek nabarmentzen dutenez, Afrikako kontinenteak oro har eta Kenyak bereziki ekintzailetzaren alorrean eskaintzen dituen aukerak ere aprobetxatu nahi ditu. Izan ere, askotariko beharrei erantzungo dieten proiektu berriak abian jartzeko eremu zabala dagoenez, erakargarritasun handiko lurraldea da enpresagintzaren eta gizartegintzaren ikuspuntutik.
Horren froga da munduko kanpo potentziek kontinentean egiten duten inbertsioa (Txinak, adibidez, % 106 handitu zuen 2017an Afrikan egindako inbertsio zuzena) edota azpiegituretan eta eraikuntzan atzerriko enpresek duten esku-hartzea, ondoren berrikuntzaren alorreko munduko enpresa liderren partaidetza ere ekarri duena.
Programan parte hartzen duten 40 lagunak (20 Kenyakoak dira eta beste 20 Euskal Herrikoak) 10 talde mistotan batuko dira, elkarren artean lehian proposamenik onena diseinatzeko. Talde irabazleak diseinatu duen proiektua burutzeko 15.000 euroko zuzkidura ekonomikoa jasoko dute, baita Mondragon Team Academyko (Enpresagintza Fakultateko nazioarteko ekintzailetza-unitateko) coaching baten laguntza ere.

«Mind the Gap» izeneko programa horren lehen zatia azaroan jorratuko da Kenyan, eta 10 eguneko iraupena izango du. Denbora-tarte horretan, partaideek esparru digitaleko eta nekazaritzako industriaren alorreko eskolak, hitzaldiak eta enpresetarako bisitak egingo dituzte. Bigarren zatia urtarrilean egingo da Bilbon, eta astebeteko iraupena izango du.

Fase horretan, partaideek finantzaketaren eta negozio-planen alorreko prestakuntza egingo dute, ekintzaile-proposamena burutu ahal izateko. Hain zuzen, proposamen hori amaierako ekitaldi batean aurkeztuko dute, epaimahaiak proiektu irabazlea izenda dezan.

2018ko urriaren 16-31